XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Haren morala, laburki esanda, supergizona sortzera zuzendua dago.

Bi izakera dauden bezala, bi moral-mota ematen dira.

Jaun denak jaunen morala hartuko du eta esklabu denak, esklabuena.

Lehenengoa duintasunaren morala da, gizakia goraipatzen duena; bigarrena egungo morala da, Nietzsche-k sarritan moraltsua deitzen duena eta, beraz, ezeztatu behar dena.

Jaunen morala bere balioen taulaz ezaugarritzen da eta honelakoa da: indartsuak dira jaunak, nobleak, menperatzaileak, bizi-betetasunaren sentimendua dutenak.

Indarrean oinarritutako harrokeria, mugagabeko jarrera, beraien jokabidearen euforia, norbereganako fedea, harremanekiko gogorkeriak, erruki eta sinpatiarekiko sortasuna dagozkio haien moralari.

Jaunen moralak makaltasuna, koldarkeria, beldurra, labankeria, azpikeria, apaltasuna eta, bereziki, gezurra gaitzesten ditu.

Indarra, maltzurkeria eta ausardia miresten ditu.

Eta, batez ere, bizitza, dagoen bakar horixe, maite du.

Esklabuen morala, aldiz, behartsuen, gaisoen, inozoen eta larri aurkitzen direnen morala da.

Errukian, apaltasunean, etsipenean, menpetasunean, ukotasunean, eroapenean, garbitasunean, aszetismoan, interesik ezean, gozotasunean eta bizitzarekiko ezkortasunean oinarritua dago eta haraindikoaren irudian bilatzen du hark bere aterpea.

Nietzsche-ren eritziz, esklabuen morala gaiztoa eta doilorra da.

Jaunen morala bakarrik da ona eta duina.

Egungo morala esklabuena dela aitortzen du, baina indartsu eta ahaltsuenganako esklabuen gaitzondo eta bekaizkeriagatik bakarrik inposatu zen historikoki.

Ahaleginak egiten ditu egungo moralaren iraulketa osoa lortzeko.

Makalek beren miseriak bertuteen mailara altxatu dituzte eta moral ideal bat sortzea lortu dute, supergizonaren moralaren guztiz kontrakoa dena Nietzsche-k juduei, kristauei eta demokraziei egozten die errua.

Baina esklabuen morala ez da beti nagusitu izan; aintzinako greziarren artean jaunen moralak agintzen zuen, Homero-ren idazlanetan ikusten den bezala.

Grezia-n esklabuen moralari hasiera eman ziona Sokrate izan zen eta horregatik salatzen du Nietzsche-k.

Gauza berdina gertatu zen pertsiarren artean ere, Zaratustra esklabuen moralaren predikari gisa agertu zen arte.